2013(e)ko otsailaren 27(a), asteazkena

zotina


Zotina

 

Zotina zer den ba ote dakigu? Sabelaldea bular-barrunbetik bereizten duen muskuluz eta zurdaz osatutako mintzaren (DIAFRAGMA izenekoaren, alegia) bat-bateko eta nahigabeko uzkurdura espasmodikoa da.

Une horretan sabelaldea gogor eta zurrun geratzen da, barrurantz sartua, eta diafragmaren uzkurdurak une batez arnasketa eten egiten du, arnasbotatzean oso hots berezia sortuz.

Zotinaren zentzu nerbiosoa (garuneko erraboilean kokatua) edo diafragma inerbatzen duten nerbio frenikoak narritatzen edo estimulatzen direnean sortzen da zotina. Baina zotina eragiten duten arrazoiak askotarikoak dira: normalean urdailaren gehiegizko irritazio baten ondoren agertzen da, adibidez: jatordu pisutsu bat egin ondoren, edo azkarregi jateagatik, behar ez bezala murtxikatzeagatik ager daiteke. Edo liseriketa atzeratzen delako, hala nola, hotza, nerbioen eragina...

Baina beste zenbait kasutan beste egoera larri eta grabeagoen adierazgarri izan daiteke. Horregatik, minutu batzuen ostean desagertzen ez bada, eta zer esanik ez egunak eta aste osoak iraun ditzaketen eraso eta atakeak gertatzen direnean, egoera okerragotu daiteke, bizitza arriskuan jartzeraino.

Umeetan, batez ere bularreko haurretan, iraunkorragoa izan daiteke; normalean gorputza hoztu egin delako izaten da, hesteetako gasen presioagatik edo liseri-aparatuko asaldura edo nahaste arinengatik, eta gurasoen kezka eta estutasun-iturri izaten da. Zorionez, ez du gehienetan larritasun handirik izaten.

Baina zer egin zotina geratzeko?

Sistemarik onena ura edatea da, tragoxka txikitan, poliki-poliki, arnastu gabe eta sudurra itxiz. Honi esker diafragma atsedenean dago, eta ura eta airea zertxobait eusten du.

Arnasa hartzeari uzteak, soilik, askotan zotina desagerrarazi egingo du. Hori errazteko bide asko daude: arnastu gabe kontatzea (hogeitamarreraino, adibidez), edo esaldi berbera, ozenki eta presaka errepikatzea. Denboraldi batean ahoa irekita ere ibil daiteke.

Ume bat baldin bada, urdailaren gainean jarritako mantaren batek (ur berotan bustitako eta ondoren ongi xukatutako oihal bat nahikoa da) arazoa konpon dezake. Umea oso txikia bada, jarreraz alda daiteke, eta urdailaren gain masaje-moduan presio arin bat egin diezaiokegu. Bularreko haurretan, kasurik gehienetan, zotina umea ongi lehortu gabe edo bustita uzteagatik gertatzen da. Kasu hauetan, oso erraz konpontzen da oihal lehor eta berotan estaltzen badugu.

Pertsona bero mantentzea, onuragarria da zotin-kasu guztietan.

Ondoren beste truku batzuk aipatuko ditut ohitura eta usadioen araberakoak, gure egunetaraino iritsi diren prozedurak hain zuzen ere. Batzuk besteak baino arrakasta handiagoa lortuko dute, baina kalterik sortuko ez dutenez, bere horretantxe aipatuko ditut.

Belarri-girgilak, uraren edo listuaren bidez, zertxobait hoztea, ez da beharrezkoa tenperatura asko jaistea; belarriak bustitzea soilik nahikoa baita.
Ozpinetan bustitako azukre koskor bat miazkatu, edota azukrez gozatutako ozpin-goilarekada eder bat hartzea. Beste sistema batek dioenez, azukre-hautsen goilarekada bat irentsi behar da, batere urik gabe; eguzkiari begira egotea, horrela usina edo doministikua eragiteko; belarriak estaltzea; bizpahiru gatz-ale irenstea, etab.

Ezin utziko genuke aipatu gabe, zotinka dagoen pertsona "beldurtu" edo ustekabean harrapatzea proposatzen duen sistema ezaguna.

Beraz, honekin guztiarekin ikus dezakegu zotina garrantzi txikiko gertaera dela berehala amaitzen dena, baina aldi berean oso desatsegina eta inoren gustokoa, hala ere informazio honi esker zotina daukazun hurrengo batean hobeto aurre egin ahalko diozu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina