2012(e)ko abenduaren 30(a), igandea

euskerako ipuina


Gerra

Bat-batean, laino ilun ugari hasi ziren sortzen edonon, alarma hotsa piztu eta jendea korrika eta zarataka hasi zen. Zerua ilundu eta hegazkinez bete zen, hurbiltzen ziren heinean bonbak botaz eta minutu batzuk arinago lasai-lasai zebilen mota guztietako jendea hiltzen, gizon edo emakume, gazte edo zahar, berdin zen, denak hilda, odolez beteta edo zarataka, gertatu zena ulertu ezinik.

 

5 urte nituen gerra hasi zenean, nire aita, Pedro, nazionalisten kontra borrokatzera irten zen, nire ama, Kontxa, ospitalean laguntzen zuen erizain moduan txanpon batzuen truke, 4 seme alabekin, ni txikiena orduan, ezin zuen ia gu zaindu, nahiz eta egia esan ez ninduen inoiz ama moduan zaindu, gerra hasi baino arinago beti zebilelako nire aita edo anaien atzetik eta aldi berean lanean. Gure auzokide batek,Tomasak, zaindu ninduen txikitatik nire ama izango balitz moduan.

 Erandion, oilategian egin zuten zulo batean ezkutatzen ginen ia egun osoan, herriko zaharrekin batera , orduak eta orduak pasatzen genituen han sartuta, handik irtetean aititeren baratzera joaten nintzen janaria lapurtzera, eta garai hartan neukan soineko zuria lupetzez zikintzen nuen. Hegazkinak etortzen zirenean berriz bunkerretan sartzen ginen korriketan. Egun batean, alarma jo zuenean Tomasak eskutik hartu ninduen eta korrika joan ginen bunkerrerantz, Tomasa oso urduri jartzen zen alarma hotsa entzutean, eta egun horretan korrika zebilen jende guztiaren artean Tomasa eta nire eskuak banandu egin ziren nahi gabe, lurrera erori nintzen eta kolpe on bat jaso nuen lurraren kontra, jendea korrika jarraitzen zuen, eta ni hantxe nengoen lurrean, kopeta eta okotzean bi zauri handirekin eta nire soineko zuria odolez beteta, nire inguruan bonbak jausten ziren bitartean.

Dena pasatu zenean errepublikako soldadu batzuek hartu eta ospitalera eraman ninduten, hantxe zauriak sendatu zizkidaten nahiz eta oraindik haien marka izan.

 

Urte eta erdi pasatu zenean gutxi gora behera gizon batzuk gure etxeko atea jo zuten eta amarekin hitz egiten egon ziren. Gure aitaren jaka bat eta bere zedula (gaur egun bere D.N.I.a izango zena) eman zioten. Gero amak, aita hil zela esan zigun, ikusten zenez atxilotuta zegoen tokian ez zegoen denentzako janaririk eta gizon asko hil zituzten, aita horietako bat. Hurrengo egunean joan zen ama apaizarengana hileta prestatzen hasteko, baina apaizak ezetz esan zion, gerra amaitzean egingo ziola badaezpada, gainontzeko guztiekin batera.

Hilabeteak pasatu ziren eta egun batean landa batean neska talde bat geundela jolasten, bat-batean urrutian itsura txarreko gizon bat ikusi genuen, arropagatik soldadua zirudien baina bere itxura eta ileagatik eskale bat zirudien. Neska guztiak korrika joan ziren handik soldadu bat zela pentsatuz ni izan ezik, ni berarengana joan nintzen, aurpegira begiratu eta hauxe esan nion:

-Aita?

-Zu Kontxita zara, nire alaba.

Besarkatu eta musu pare bat eman zizkidan, seguruenik bizitza osoan eman zizkidan bakarrak. Gero amarengana bidali ninduen hor zegoela abisatzeko. Etxera ailegatu nintzenean amari esan nion aita bazetorrela eta berak ezetz esaten zidan, aita hilda zegoela eta txorakeriak esateari uzteko, azkenean aita eskailerak igo zituen arte eta ama pozaren pozez beragana joan zen; guri etxetik kanpora joateko esan ziguten eta nire izeko eta amaren artean garbitu, ilea moztu eta konpondu zioten oso ahul baitzegoen. Gero kontatu zigun fusilatzera eraman zutenean garizko landa batzuetara bere lagun batek lurrera bota zuela bala heldu baino arinago eta garia oso altu zegoenez ihes egitea lortu zuten errota batera ailegatu arte, hantxe uretan sartu ziren sastraka batzuen atzean soldaduek ez ikusteko. Errotako jendea batzuetan ogi pixka bat eta ardoa eramaten zieten, baina hantxe sartuta pasatu zuten denbora asko etxera heltzea lortu zuten arte.

Gau horretan bertan etorri zen osaba Jildo, aitaren anaia, handik ospa egin behar zuela esateko, herriko jendeak bazekielako bizirik zegoela eta udaletxean parte emango zutela zioten, alkatea aitaren gaztaroko laguna zenez ahal zuen denbora guztia lortzen saiatuko zela esan zion baina laster joan behar zen bestela hil egingo zuten. Hurrengo egunean Zornotzarantz zetorren kamioi batean ihes egin zuen.

“Forjas” lantegia, Erandion ere hasi zena, Erandiotik ere bota zuten. Bi anai ziren fabrikaren nagusiak eta zorionez haiek ere Zornotzara etorri ziren eta fabrika berria sortzerakoan nire aita hartu zuten soldatzaile moduan.

Urte batzuk pasatu ziren aitak guretzat etxe bat aurkitu zuen arte Astepen (Zornotzako kale bat), eta han jaio zen nire azken ahizpa, Mirentxu. Noizean behin nire aita lanetik bueltan, arazoren batean sartzen zen eta udaletxeko ziegetan sartzen zuten , baina lantegiko nagusiei eta lagunei esker ateratzea lortzen zuten. Gerra amaitu ondoren Zornotzan bizi ziren frankoren aldekoak beti zeuden nire familia izorratu nahian, bai eskolan, lantegian edo auzoan bertan. Eskerrak ni ausarta nintzela eta nire nebarekin batera denak usatzen genituela.

2012(e)ko azaroaren 25(a), igandea

abortua


Abortua

 

Nik beste  pentsamendu edo iritziak errespetatzen ditut, bakoitza bere gorputza eta bere bizitzaren jabe baita. Nahiz eta batzuek naturaz kontrako ekintza dela pentsatu, abortua munduko biztanle guztiok izan beharko genukeen eskubide bat da.

Pertsona batek abortatzeko erabaki hartzen duenean ez dago inolako mesederik eskatzen ari, baizik eta bere eskubide bat erabiltzen ari da, pertsona libre  bezala bere gorputzarekin nahi duena egin dezakeelako.

Nire ikuspuntutik hobe da garaiz abortatzea, etorkizunean damutu eta umea baztertzea baino, bai abandonatu bai tratu txarrak edota umea behar den moduan ez heztea.

Gainera badaude egoera berezi batzuk non abortua zentzuzko irtenbide bat den eta jende askori bizitza errazten dion zentzu askotan, adibidez bortxaketa bat gertatzean normala da neska hori horrelako gizon baten umerik nahi ez izatea, edo umea gaixorik irtengo dela dakizunean, nire ikuspuntutik hobe da ahal denean abortatzea, umea jaio eta egun gutxitara hiltzea baino edo bizitzen den denbora txarto eta arazoekin bizitzea, horrek zoritxarra bakarrik eragiten duelako denentzat, bai umea bai gurasoentzat eta abar. Eta horiez gain badaude kasu berezi asko eta asko: umea malformazioren bat duenean, amaren bizitza arriskuan dagoenean (adibidez oso gaztea bada, edo oso zaharra), gurasoak VIHa badaukate, eta horren eraginez umeak ere, …

Horrez gain ume bat izan nahi denean gauza batzuk kontuan izan behar dira beti: egoera ekonomiko eta soziala. Gurasoak txirotasunean badaude edo ekonomikoki oso txarto badabiltza zentzuzkoa da gura barik neska haurdun geratzen bada denon onerako abortatu nahi izatea seme edo alaba izanez garo familia osoa oraindik txarrago egongo delako. Eta gauza bera gertatzen da arazo sozialak badituzte, adibidez drogetan sartuta badaude, alkoholikoak badira …

Egia da erlijio asko, edo gehienak, honen kontra daudela, hau da, nahiago dute gero nahi izango ez diren umeak izatea, oraindik gizakia ez denena abortatzea baino, eta badaude pertsona asko abortatzea gizakiak hiltzea dela esaten dutenak, baina zientifikoki baieztatuta dago 2-3 hilabetera arte ez direla gizakitzat onartzen, ez daudelako oraindik guztiz eginda eta 2-3 hilabetera arte zelula multzo bat baino ez da, ez forma ez sentimendurik ez duena.

Honi guzti honi gehitu behar zaio herrialde garatu guztietan onartuta dagoela abortua, eta ez hori bakarrik abortatu nahi izanez gero erraztasunak ere ematen dira (dohainik da, ez dago zertan inor abortatu duzula enteratu behar…), eta horrek, nire ustez, mentalitate aurreratu bat erakusten du, eta hauxe abortua galarazita ez duten herrialdeak jarraitu beharko zuten mentalitatea da.

 Beraz hau guzti hau ikusita, inolako zalantzarik gabe esan dezaket abortua, behar den bezala eginez gero, ez dela inondik inora txarra den ezer, edozein kasutan alderantziz, abortua galarazita dagoen toki batean ez dago inor inori abortatzera derrigortzen, nahi duenak egiten du eta ez duenak ez eta denok pozik, baina galarazita ez balego umea izan nahi duena eta izan nahi ez duena derrigortuta dago, haurdun geratzen bada, seme-alaba izaten nahita nahiez. Hori dela eta nire ustez munduko toki guztietan eman beharko zuten emakumeak abortatu ahal izateko aukera, nahiz eta, kasu batzuetan, erlijioaren kontra joan.

 

2012(e)ko azaroaren 10(a), larunbata

Krisia


Krisia, irakaskuntzan duen eragina

Aspaldi honetan ikasleen greba ugari ikusi ahal izan ditugu. Hauek salatzen dutena argi dago, krisiaren kontrako neurrien artean irakaskuntzan eginiko errekorteek beraiengan duten eragina. Eta arrazoia dute, hartutako neurriak benetan lotsagarriak direlako eta ez direlako konturatzen denon etorkizuna jokoan dagoela.
Gizarte ororen oinarria irakaskuntzan datza. Irakaskuntzarik gabeko gizartea engainatzeko oso erreza da, eta horrek egoera txarrago batera baino ez gaitu eramaten, ezjakintasunera, pobreziara edota jendea manipulatzeko erraztasun handiago batera.

Errekorte hauek pribilegiatuak bakarrik ikasi ahal izatea eragiten dute, matrikulen presioak gora baino ez dute egiten, laguntzak murriztu eta gero eta beka gutxiago eskaintzen dira. Honek guztiak milaka ikaslek ikasteko aukerak murriztuta ikustea eragiten du, inork inolako irtenbiderik ematen ez duen bitartean.

Honekin batera, neurri hauen beste ondorioetako bat irakaskuntza zentroetan baliabide gutxiago izatea da, gauza materialetatik hasi eta irakasle kopuruetara heldu arte. Honen adibide argi bat, gure zentroan gertatzen ari dena da. Pasadan urtean nire mailan D ereduko bi klase, 16 eta 13ikasletakoak, eta B ereduko beste bat zeuden, aurten berriz, errekorteak direla eta , D ereduko ikasle guztiak elkarrekin jarri gaituzte klase bakarrean, orain 30 garelarik, eta  nahiz eta batzuek larregi ez garela pentsatu, bai ikasle eta bai irakasleak ados gaude ikasi edo irakasteko orduan irakaskuntzaren kalitatea asko jaitsi dela. Horrek ikasleon prestakuntzan bete-betean jotzen du.

Ulertzen dut krisi garaian errekorteak beharrezkoak direla egoera ahalik eta zuzenen eramateko, baina denok dakigu, irakaskuntza eta osasun arloak bezalako zutabe handiak ez liratekeela ukitu  beharko, hiritarren etorkizuna jokoan baitago. Herritarren eskubidea da irakaskuntza eta osasun zerbitzu publikoak izatea, eta zerbitzu hauengatik inork ez luke zentimorik ordaindu beharko.

 Hau guzti hau, kontuan hartuta normala da ikasleak kalera irtetea beraien eskubideak aldarrikatzera, gobernua gure eskubideen kontra jokatzen ari delako, eta egoera hau laster hoberantz eman ezean arazoak gehituz joango dira, noski ikasleen kontra.  Ziur nago urte batzuk  igaro ondoren irakaskuntzako zulo beltz hau agerian geratuko dela, generazio batzuek ikasketa  maila baxuagoa izango baitute beste generazioekiko.

2012(e)ko azaroaren 3(a), larunbata


AHT ren kontrako argudio testua


Aspaldiko kontua den arren, gai honetaz idazteko beharra sentitzen dut. Pasadan astean Durangorantz nindoala, trenetik AHTarentzako eginiko obra ikaragarriak ikustean, proiektu honen alde positibo eta negatiboak pentsatzen hasi nintzen, baina nire harridurarako negatiboak baino ez zitzaizkidan burura etorri.

Pisuzko argudio negatibo ugari bururatu zitzaizkidan .

Lehenik eta behin, lehen berde eta ederra zen paisai hori, orain desagertua, eskabadora eta kamioiz beteriko lur eremu itsusi, desertu eta hila bihurtu da. Urte ugariko ekosistemaren suntsipena ekarri du eta horrekin batera kutsadura bisuala ere. Zubi erraldoien egiturek paisaia guztiz eraldatu eta baita beldurgarri ere bihurtu dute. Adibiderik argiena San Antonioko makro-zubiaren eraikuntza da, non baserriak zubi azpian ia ikusezin bihurtu dira, horrelako zutoin bat gainera noiz eroriko zain.

Nahiz eta tren hau oraindik martxan jarri ez bere ibilbideak jada hainbat familia beraien etxeetatik bota, baserriak suntsitu, eta lurrak apurtu ditu. Tren honen abiadura berdinera suntsitzen ari dira gure lurra. Eta hori gutxi ez balitz ere, herritarrei lurrak miseri baten truke indarrez kentzen dizkiete proiektu hau aurrera eraman ahal izateko.

Kontuan hartu beharreko puntu garrantzitsu bat,  AHT ren  gaineko herriaren ezezko borobila da,  nahiz eta goiko jende horri iritzi hori axola ez . Milaka manifestazio eta boikot egin arren ez dute herriaren iritzia kontuan hartzen , beraien hitzetan “etorkizunean herritarrak izango baitira tren honen erabiltzaileak” nahiz eta herritarrak nahi ez.

Gaur egun egoera ekonomikoa kontuan hartuta itzelezko zentzugabekeria iruditzen zait horrelako makro-proiektu batean murgiltzea. Honetarako diru kantitate nahikoa ez izatean  Europari mailegua eskatu behar izan diogu eta horren ondorioz orain zorrak gehitzen  ari gara.

Egia da beste herrialde garatu batzuek badituztela abiadura handiko trenak baina hauek egoera ekonomiko hobeago batean aurkitzen ziren horrelako saltsa batean sartu zirenean. Gu berriz krisi garai bete betan  hasi ginen txorakeria honekin.

Honi guztiari gehitu beharko genioke, Euskadi bezalako eremu txiki baterako birpentsatu beharko litzatekeela ia ez diren nahikoak jada ditugun garraio bideak ; nire ustetan probetxagarriagoa litzateke horrelako proiektu bat lursail handiago batentzako,  adibidez Euskal Herri mailan egokiago egongo litzateke, beste hiriburu batzuk lotuko lituzkeelako. Edota penintsula mailan, gaur egun mediterraneo aldean, Valentziatik pasatzen den  AVEa   adibide hartuta.

Beraz hausnarketa honen ondoren uste dut proiektu honek abantailak izan beharrean desabantailak baino ez dituela. Ez diot zentzurik ikusten garraiobide honen eraikuntzarekin aurrera jarraitzea, baina argi dago berandu dela hau bertan behera usteko ,eremu batzuetan jadanik obra oso garatuta dagoelako kaltea egina dagoelako, atzerako biderik gabe.

Gaur egungo egoeran aurkitzen baldin bagara, proiektu hau egitea erabaki zutenek hanka sartu zutelako da,  lelokeria hutsa delako, inolako zentzurik ez duena eta gure lurren suntsipena, herritarren haserrea eta zorrak pilatzea baino eragin ez duena.

Dena dela, nire ikuspuntutik orain bertan egin ahalko litzatekeen gauzarik aproposena krisia den bitartean obra guztiak geldiarazi eta ekonomia hobetzean mahai gainean proiektua berriro  jarri eta beste ikuspuntu batetik aukera berriak garatzea da.