Bat-batean, laino ilun ugari hasi ziren sortzen edonon, alarma hotsa piztu
eta jendea korrika eta zarataka hasi zen. Zerua ilundu eta hegazkinez bete zen,
hurbiltzen ziren heinean bonbak botaz eta minutu batzuk arinago lasai-lasai
zebilen mota guztietako jendea hiltzen, gizon edo emakume, gazte edo zahar,
berdin zen, denak hilda, odolez beteta edo zarataka, gertatu zena ulertu
ezinik.
5 urte nituen gerra hasi zenean, nire aita, Pedro, nazionalisten kontra
borrokatzera irten zen, nire ama, Kontxa, ospitalean laguntzen zuen erizain
moduan txanpon batzuen truke, 4 seme alabekin, ni txikiena orduan, ezin zuen ia
gu zaindu, nahiz eta egia esan ez ninduen inoiz ama moduan zaindu, gerra hasi
baino arinago beti zebilelako nire aita edo anaien atzetik eta aldi berean
lanean. Gure auzokide batek,Tomasak, zaindu ninduen txikitatik nire ama izango
balitz moduan.
Erandion, oilategian egin zuten zulo
batean ezkutatzen ginen ia egun osoan, herriko zaharrekin batera , orduak eta
orduak pasatzen genituen han sartuta, handik irtetean aititeren baratzera
joaten nintzen janaria lapurtzera, eta garai hartan neukan soineko zuria
lupetzez zikintzen nuen. Hegazkinak etortzen zirenean berriz bunkerretan sartzen
ginen korriketan. Egun batean, alarma jo zuenean Tomasak eskutik hartu ninduen
eta korrika joan ginen bunkerrerantz, Tomasa oso urduri jartzen zen alarma hotsa
entzutean, eta egun horretan korrika zebilen jende guztiaren artean Tomasa eta
nire eskuak banandu egin ziren nahi gabe, lurrera erori nintzen eta kolpe on
bat jaso nuen lurraren kontra, jendea korrika jarraitzen zuen, eta ni hantxe
nengoen lurrean, kopeta eta okotzean bi zauri handirekin eta nire soineko zuria
odolez beteta, nire inguruan bonbak jausten ziren bitartean.
Dena pasatu zenean errepublikako soldadu batzuek hartu eta ospitalera
eraman ninduten, hantxe zauriak sendatu zizkidaten nahiz eta oraindik haien
marka izan.
Urte eta erdi
pasatu zenean gutxi gora behera gizon batzuk gure etxeko atea jo zuten eta
amarekin hitz egiten egon ziren. Gure aitaren jaka bat eta bere zedula (gaur
egun bere D.N.I.a izango zena) eman zioten. Gero amak, aita hil zela esan
zigun, ikusten zenez atxilotuta zegoen tokian ez zegoen denentzako janaririk
eta gizon asko hil zituzten, aita horietako bat. Hurrengo egunean joan zen ama
apaizarengana hileta prestatzen hasteko, baina apaizak ezetz esan zion, gerra
amaitzean egingo ziola badaezpada, gainontzeko guztiekin batera.
Hilabeteak pasatu ziren eta egun batean landa batean neska talde bat
geundela jolasten, bat-batean urrutian itsura txarreko gizon bat ikusi genuen,
arropagatik soldadua zirudien baina bere itxura eta ileagatik eskale bat
zirudien. Neska guztiak korrika joan ziren handik soldadu bat zela pentsatuz ni
izan ezik, ni berarengana joan nintzen, aurpegira begiratu eta hauxe esan nion:
-Aita?
-Zu Kontxita zara, nire alaba.
Besarkatu eta musu pare bat eman zizkidan, seguruenik bizitza osoan eman zizkidan
bakarrak. Gero amarengana bidali ninduen hor zegoela abisatzeko. Etxera
ailegatu nintzenean amari esan nion aita bazetorrela eta berak ezetz esaten
zidan, aita hilda zegoela eta txorakeriak esateari uzteko, azkenean aita
eskailerak igo zituen arte eta ama pozaren pozez beragana joan zen; guri
etxetik kanpora joateko esan ziguten eta nire izeko eta amaren artean garbitu,
ilea moztu eta konpondu zioten oso ahul baitzegoen. Gero kontatu zigun
fusilatzera eraman zutenean garizko landa batzuetara bere lagun batek lurrera
bota zuela bala heldu baino arinago eta garia oso altu zegoenez ihes egitea
lortu zuten errota batera ailegatu arte, hantxe uretan sartu ziren sastraka batzuen
atzean soldaduek ez ikusteko. Errotako jendea batzuetan ogi pixka bat eta ardoa
eramaten zieten, baina hantxe sartuta pasatu zuten denbora asko etxera heltzea
lortu zuten arte.
Gau horretan
bertan etorri zen osaba Jildo, aitaren anaia, handik ospa egin behar zuela
esateko, herriko jendeak bazekielako bizirik zegoela eta udaletxean parte
emango zutela zioten, alkatea aitaren gaztaroko laguna zenez ahal zuen denbora guztia
lortzen saiatuko zela esan zion baina laster joan behar zen bestela hil egingo
zuten. Hurrengo egunean Zornotzarantz zetorren kamioi batean ihes egin zuen.
“Forjas” lantegia, Erandion ere hasi zena, Erandiotik ere bota zuten. Bi
anai ziren fabrikaren nagusiak eta zorionez haiek ere Zornotzara etorri ziren
eta fabrika berria sortzerakoan nire aita hartu zuten soldatzaile moduan.
Urte batzuk pasatu ziren aitak guretzat etxe bat aurkitu zuen arte Astepen
(Zornotzako kale bat), eta han jaio zen nire azken ahizpa, Mirentxu. Noizean
behin nire aita lanetik bueltan, arazoren batean sartzen zen eta udaletxeko ziegetan
sartzen zuten , baina lantegiko nagusiei eta lagunei esker ateratzea lortzen
zuten. Gerra amaitu ondoren Zornotzan bizi ziren frankoren aldekoak beti zeuden
nire familia izorratu nahian, bai eskolan, lantegian edo auzoan bertan.
Eskerrak ni ausarta nintzela eta nire nebarekin batera denak usatzen genituela.