Zotina
Zotina zer den ba ote dakigu? Sabelaldea bular-barrunbetik bereizten duen
muskuluz eta zurdaz osatutako mintzaren (DIAFRAGMA izenekoaren, alegia) bat-bateko
eta nahigabeko uzkurdura espasmodikoa da.
Une horretan sabelaldea gogor eta zurrun geratzen da, barrurantz sartua,
eta diafragmaren uzkurdurak une batez arnasketa eten egiten du, arnasbotatzean
oso hots berezia sortuz.
Zotinaren zentzu nerbiosoa (garuneko erraboilean kokatua) edo diafragma
inerbatzen duten nerbio frenikoak narritatzen edo estimulatzen direnean sortzen
da zotina. Baina zotina eragiten duten arrazoiak askotarikoak dira: normalean
urdailaren gehiegizko irritazio baten ondoren agertzen da, adibidez: jatordu
pisutsu bat egin ondoren, edo azkarregi jateagatik, behar ez bezala
murtxikatzeagatik ager daiteke. Edo liseriketa atzeratzen delako, hala nola,
hotza, nerbioen eragina...
Baina beste zenbait kasutan beste egoera larri eta grabeagoen adierazgarri
izan daiteke. Horregatik, minutu batzuen ostean desagertzen ez bada, eta zer
esanik ez egunak eta aste osoak iraun ditzaketen eraso eta atakeak gertatzen
direnean, egoera okerragotu daiteke, bizitza arriskuan jartzeraino.
Umeetan, batez ere bularreko haurretan, iraunkorragoa izan daiteke;
normalean gorputza hoztu egin delako izaten da, hesteetako gasen presioagatik
edo liseri-aparatuko asaldura edo nahaste arinengatik, eta gurasoen kezka eta
estutasun-iturri izaten da. Zorionez, ez du gehienetan larritasun handirik
izaten.
Baina zer egin zotina geratzeko?
Sistemarik onena ura edatea da, tragoxka txikitan, poliki-poliki, arnastu
gabe eta sudurra itxiz. Honi esker diafragma atsedenean dago, eta ura eta airea
zertxobait eusten du.
Arnasa hartzeari uzteak, soilik, askotan zotina desagerrarazi egingo du.
Hori errazteko bide asko daude: arnastu gabe kontatzea (hogeitamarreraino,
adibidez), edo esaldi berbera, ozenki eta presaka errepikatzea. Denboraldi
batean ahoa irekita ere ibil daiteke.
Ume bat baldin bada, urdailaren gainean jarritako mantaren batek (ur
berotan bustitako eta ondoren ongi xukatutako oihal bat nahikoa da) arazoa
konpon dezake. Umea oso txikia bada, jarreraz alda daiteke, eta urdailaren gain
masaje-moduan presio arin bat egin diezaiokegu. Bularreko haurretan, kasurik
gehienetan, zotina umea ongi lehortu gabe edo bustita uzteagatik gertatzen da.
Kasu hauetan, oso erraz konpontzen da oihal lehor eta berotan estaltzen badugu.
Pertsona bero mantentzea, onuragarria da zotin-kasu guztietan.
Ondoren beste truku batzuk aipatuko ditut ohitura eta usadioen araberakoak,
gure egunetaraino iritsi diren prozedurak hain zuzen ere. Batzuk besteak baino
arrakasta handiagoa lortuko dute, baina kalterik sortuko ez dutenez, bere horretantxe
aipatuko ditut.
Belarri-girgilak, uraren edo listuaren bidez, zertxobait hoztea, ez da
beharrezkoa tenperatura asko jaistea; belarriak bustitzea soilik nahikoa baita.
Ozpinetan bustitako azukre koskor bat miazkatu, edota azukrez gozatutako
ozpin-goilarekada eder bat hartzea. Beste sistema batek dioenez, azukre-hautsen
goilarekada bat irentsi behar da, batere urik gabe; eguzkiari begira egotea,
horrela usina edo doministikua eragiteko; belarriak estaltzea; bizpahiru
gatz-ale irenstea, etab.
Ezin utziko genuke aipatu gabe, zotinka dagoen pertsona "beldurtu"
edo ustekabean harrapatzea proposatzen duen sistema ezaguna.
Beraz, honekin guztiarekin ikus dezakegu zotina garrantzi txikiko gertaera
dela berehala amaitzen dena, baina aldi berean oso desatsegina eta inoren gustokoa,
hala ere informazio honi esker zotina daukazun hurrengo batean hobeto aurre
egin ahalko diozu.